ABENDUAREN PRESTAKUNTZA

NOREN ZAIN GAUDE?

Juduek ez zuten ezagutu Mesias, beste zerbait, DESBERDINA, itxaro baitzuten. Apostoluak eurak ere eskandalizatu egin ziren Gurutzearen bidea ikusita. Sarritan, berez denaren aldean, beste irudi bat izan ohi dugu Jainkoaz. Geure irudiaren araberako Jainkoa egiten dugu. Beraz, abendualdiak, Jesus, datorren bezala datorrela, hartzeko egoeran jartzen gaitu, geure eskemak desegin eta haren graziari geure buruak irekitzeko.

BAKOITZARENGAN DAGO KOSKA

Denok ere pentsatu behar dugu, gauzak hobeto joango liratekeela GU GEU garenak bezalakoak ez bagina. Aiurri, aldarte, hobea bagenu, beste ezaugarri batzuk bagenitu ... Eta Jainkoa bakoitzagan eta norberagan  aurkitzen dugun heinean bakarrik gara orainaldia bizi eta aldatzeko gai. Jesus ez da hurbiltzen errealitate ideal baten bidez, baizik eguneroko errealitatearen bidez. Eta eskatzen duena zera da: harrera onerako jarrera, zerbitzu-jarrera, barkamena eskatzea ...

MARIAREN ANTZERA

Jesusi, kanpotik etorri behar duen bati bezala itxaron diezaiokegu, baina, Mariaren esperientzia bestelakoa da, BERE BAITAN aurkitzekoa da. Mariak bezalaxe, Kristo, «bihotzean» hartu behar dugu, «gorputzean» baino lehenago. Eta horrek, gauza guztiak alboan utzi eta Bera gure bizitzako ardatz izatea eskatzen du.

ELKARTEAN

Hori guztia ez du norberak bakarrik bizi, ELKARREKIN baizik, nahiz bere akatsak edo gabeziak dituen elkarte edo familia jakin horrek.  Eta familia hori ez dugu zerbitzatzen geure trebetasunaz edo adimenaz, baizik estimazioaren, ulermenaren, bakearen eta elkarbizitza onaren bitartez.

AGIAN, ORDUAN GERTATUKO DA EGUBERRI KRISTO LURREAN

  

 EGUBERRITAKO MISTERIOA

EGUBERRIAREN OSPAKIZUNA

Eguberritan Jesusen bost alor garrantzitsu ospatzen ditugu:

1- Garaitu gabeko Eguzkiaren eguna, hau da, EGUZKIARI eskainitako jaiegun jentila, paganoa, ilunpeen eguna garaitzen duen eguna, eguna berriro luzatuz ilunpeak garaitzen dituena. Berez, abenduaren 21a da, udazkeneko gau luzeetako ilunpeak igaro ondoren, ARGIA hedatzen hasten den eguna. Baina antzinako arbasoentzat hiru egun igaro behar zuten hori egiaztatzeko eta, orduan, egiazko bihurtzen zen. Horregatik, jaieguna 25ean ospatu ohi zen. Kristauak 336. urtea baino lehen hasi ziren jada Jesusen jaiotza-eguna («dies natalis») ospatzen, «zerutik datorren EGUZKIA» alegia, goizero abestu ohi dugun moduan.

2- Jainkoaren eta gizateriaren arteko ezkontza Jesus JAINKO−GIZAKI pertsonaren bitartez. Jesusengan, teologiak urte askotan barna irakatsi duen moduan, bi izaerak elkartu dira, Jainkoarena eta Gizakiarena, banaezina den batasunean. Beraz, ez dugu halabeharrez abesten Gabon gauean: «Jauna EZKONTIDE moduan dator zerutik».

3- Eguberriak, nahitaez Pazkora garamatza. Jacinto Verdaguer-en gabon-abestietan, beti egiten da Haurraren heriotzaren aipamena. Beraz, Eguberria, pazkoaldiko lehen eguna da. Eta egun hauetan gure gizarteak, kontsumo guztiak gorabehera, hainbeste milioi gizaki menderatzen dituen SUFRIMENDUA ere gogoratu egiten du.

4- Eguberriak, aldien amaieran Jesusek lurrera egingo duen bigarren etorrera aurreratzen du. San Agustinek zorrotz predikatu ohi zuen: Eguberritako etorreran ezagutu ez badugu, bigarren etorreran ere, bakoitzari bere ordainsaria ematera etorriko denean, ez dugu ezagutuko. Eguberritan argi eta garbi esaten dugu: «modu berean etorriko da».

5- Eta, bistakoa denez, Jesus Betlemen jaio izana ospatzen dugu. Lekuaz ez dago ziurtasun historikorik, biblikoa baizik. Mikeas profetak hala dio:  «Zu, Betleem, ez zara inondik inora ere txikiena; izan ere, zugandik jaioko baita justiziaren EGUZKIA». Badaude halaber hori berresten duten antzinako datak ere. Adriano enperadoreak, 135. urtean, Jesusen lurraldeko judu-lorratz eta kristauak ezabatu nahi izan zituenean, hiru tenplu jentil, pagano, eraiki zituen, giltzarri ziren hiru tokitan: Jerusalemgo tenpluaren orubean, Jesusen hilobiaren tokian eta gaur egungo Betleemgo basilikaren orubean. Horrek zera esan nahi du, lehenengo garaietan beretan, aparteko gauzaren bat ospatzen zela han.

 

GARIZUMAKO GAIA

TENTAZIOAK DOHAINAK (egokiago nik uste: Tentazioak dohain dira; anbiguotasuna saihesten duk, gainera) DIRA

 Hebrearrei egindako gutunaren arabera (Heb 4,15), «gure apaiz nagusia ez da gure ahuleriaz gupidatu ez daitekeen norbait, zeren eta bera ere, gu bezala, gauza guztietan probatua izan baita, bekatuan izan ezik.

 Si 33,1ek dio «Jaunari begirune dionak ez du zoritxarrik izango; probaldi guztietatik aterako da onik». Eta Korintoarrei egindako gutunak (1 Ko 10,13) berretsi egiten digu: «Leiala da Jainkoa, eta ez du utziko zeuen indarrez gaindiko tentaldirik izan dezazuen. Aitzitik, tentaldiarekin batera indarra ere emango dizue, tentaldia garaitu ahal izateko».

 Santiagok (St 1,12) hau dio: «ZORIONEKOA probaldian sendo irauten duen gizakia! Proba gainditu ondoren, bera maite dutenei Jainkoak agindu dien betiko bizia jasoko baitu sari». Beraz, ALAITASUNERAKO arrazoia da edozein tentaldi gainditzea, gure fedeak, probatua denean, pazientzia iraunkorra sortzen duela jakinik. Eta tentaldia gainditzen duen gizakia ZORIONTSU dela dio; izan ere, garaitzen duenean, Bera maite dutenei Jaunak agindu dien Biziaren koroa jasoko du.

Azkenik, Pedrok (1 P 1,6) hau esanez amaitzen du: «Horregatik, pozik zaudete, nahiz eta oraindik alditxo batez zenbait probaldi sufritu behar izan». Alegia, hori dena, sutan probatutako urrea baino ederragoa den gure FEDEA, Jesu Kristo AGERTUKO denean goraipamen eta aintzarako arrazoi bihur dadin da.  

  

SANTU GUZTIEN JAIA

Elizaren barruan dagoen gauzarik onenetakoa, izenik gabeko santutasuna da. Santu Guztien jaiegunean, gure hildakoen izenik gabeko santutasun hori ospatzen dugu, santu arrunten eguna alegia, ezkutuan fideltasunaren MIRARI BIKAINA burutu duten santutasuna.
Santuen egitasmoa zoriontasunak betetzea bada, jarrera nagusia OTZANTASUNA dela esan dezakegu. Otzantasun hori INDARTSUEN zorionean amaitzen da. Otzantasuna, gozotasuna edota samurtasuna ez dira agertzen indarrik gabe. Jesus ez zen inondik inora etorri, eztitan egindako bizitza santutzera. Ebanjelioa, zailtasunak gainditzeko tresneriaz osatua dago, eta INDARRA eskatzen du; izan ere, haren gozotasuna ez da azalekoa, baizik arrunta edo ohikoa denaren aurka joatera behartzen duena. Kristoren samurtasunaren eta gozotasunaren atzean, armarik gabeko maitasunaren indarra dago. Jainkoa, Kristoren ahulezian agertzen da.

Kalean hainbeste indarkeria eta bortxa dabilen une honetan, oso zail egiten zaigu gozotasun apal eta barnekoiaren atzean dagoen indarra sumatzea.  Norberarentzako indarra da, ez miresleentzako, eta ez du zerikusirik ahulezia errazarekin. Pertsona otzana da indartsuena, bertute horrek norbere burua ongi menderatzea du berekin eta. Geure zaurgarritasuna aitortuta bakarrik izan gaitezke gozoak besteentzat.

Arrakasta ez da azken hitza duenarena, baizik isiltasunaren bitartez goragoko mailako errealitatearen berri komunikatzen dakienarena. Kontua ez da gaizkia ezkutatzea, Jainkoagandik datorkigun ERRUKIAREKIN hura garaitzea baizik.

Ez dira aberatsak inondik inora lurraren jabe direnak, otzanak baizik, lehia orotatik urrun, inori ezer kendu nahi ez diotenak.
Izenik gabeko santutasun hori da bide bakarra Eliza ALAIA eraikitzeko.

 

BEKATARIENTZAKO HITZALDIA

Historiak «lapur ona» deitzen dio. Claudel-ek «lehenengo santu» moduan aipatzen du. Eta San Agustin ez dabil oker galdera hau egiten dionean: «esadazu, lapurra, zerk mugiarazi zaitu Jesusengan sinestera, bere ikasleak ere horretan ausartzen ez diren une honetan?» Eta Agustinek lapurraren ahoan jartzen du erantzuna: «Nik ez dut inoiz entzun Erresumako parabolez hitz egiten, ez dakit ezer profeziez, baina, begiratu didanean, dena ulertu dut». Lapur hau giza hondakina baino ez da, baina orain badaki norbaitentzat bizi dela. Hain zuzen ere, kondenatuen zerrendan dagoen bat da Jesus. Konturik eskatzen ez dion norbait da, bere porrotaz isekarik egiten ez diona, bere miseriatik askatu duen norbait da.

Hilzorian dagoen alboko kidea mota guztietako bekatarietatik gertu dagoela ulertu du. Zakeo, prostituta, bidean abandonatutako zauritua edo Pedro arnegatua.
Bere ondoan, era guztietako galduak denok garela ulertu du.

Lapurrak dena ulertu du. Jesus da gizakia salbatzen duena; ez goitik, urrunetik, menderatuz, zapalduz, baizik gizakien mailan jarrita, bere bihotza gure miserien artean nahastuta. Haren askatxoa eta gurutzea, gureen maila berekoak dira.

Jesusek ezabatu egin ditu tarteak eta distantziak. Gurekin egoteko etorri da, gure izaera ahula partekatzeko eta guk harena parteka dezagun. Horregatik erantzun dio: «Gaur bertan nirekin izango zara paradisuan».

Gurutzeari begiratuta, guk ere hau esan nahi dugu: «Jauna, bekatari gizagaixoa/gajoa besterik ez naiz, baina OROIT ZAITEZ NITAZ ZEURE ERRESUMAN.”

Denys Sibre

 

EGUNEROKO BIZITZA (Galileako loreak)

Orain, eguneroko bizitza, ezkutuko fideltasuna, baloratzeko garaia da.

Jesusek, «grazia graziaren gainean» ematen digu. Guri dagokigu MAITASUN berrituarekin erantzutea. Nabarmentzen ez den gauza txikietako maitasuna, ordainik itxaron ez duen bat-bateko eskuzabaltasuna.

Orain da unea heroikotasunez betetako keinu txikien bitartez, Jesusekin eta gainerakoekin «bakarrik» bizitzeko. Eta, seriotasunez hartzen duenari, beharbada bizitza errotik aldatuko zaio.

Ez al da ba Bera itxaron dezakegun ordainsaririk handiena?